BOLUNTARIOTZA

Boluntariotza funtsezkoa da EGOAIZIAren lanean. Boluntariotza errealitate globalarekin konprometitzen den herritarren adierazpen pertsonal gisa ulertzen dugu, giza eskubideen errespetuarekin eta defentsarekin koherentzian bizi dena, bidegabeko garapen-ereduak zalantzan jartzen dituena, ingurumena eta pertsonak errespetatzen dituena eta beste mundu posible bat amesten duten bizimoduak sustatzen dituena. Boluntariotza konpromisoaren eta parte-hartzearen munduari elkartasuna erakusteko jarrera eta begirada da.
EGOAIZIAN dagoeneko berrogeita hamar boluntario baino gehiago gara!
EGOAIZIAk lankidetza-proiektuak dituen herrialdeetan ere nazioarteko boluntariotzako esperientziak errazten ditu 2006az geroztik. Orain arte, hogeita hamar gaztek baino gehiagok parte hartu dute proiektuak gauzatzen, ebaluatzen eta horien jarraipena egiten, Eusko Jaurlaritzaren eta Eibarko Udalaren euskal gazte laguntzaileen beken bidez.
EGOAIZIAko boluntarioak tokiko komunitateekin bizi dira, eta beren eraldaketa-prozesuak partekatzen dituzte. Interesa duten pertsonek aurrez prestakuntza jasotzen dute EGOAIZIAren eskutik, tokian bertan kultura trukatu eta aberasteko esperientzia izan aurretik.
lekukotasunak

“Jende txiki askok, leku txikietan, gauza txikiak egiten, mundua alda dezake”
– Eduardo Galeano –
