📅 Urriak 17 · 11:30etik aurrera
📍 Errenteria – Oreretan – Emakumeen Etxea

Datorren urriaren 17an, Errenteriak “BUNA — Kafearen erritua” izeneko jardunaldi berezia hartuko du. Tigrayko errealitatea ezagutzeko, kultura partekatzeko eta hausnartzeko gunea izango da, bereziki gerrako indarkeriatik bizirik atera diren emakumeen egoerari begira.

Jardunaldia Egoaiziak sustatutako “BUNA: Isiltasunaren osteko ahotsak” argazki-erakusketaren barruan kokatzen da. Erakusketa Errenteriako Emakumeen Etxean egongo da ikusgai urriaren 1etik 17ra.

Egun osoan zehar, argazkigintza, kafearen erritu tradizionala, musika, dantza, gastronomia eta zinema Tigrayko errealitatera eta Etiopiako kulturara hurbiltzeko, elkarrekin egoteko eta hausnartzeko modu ezberdinak izango dira.

Elkartzeko, ezagutzeko eta partekatzeko egun bat

☕ 11:30–13:00 · Errenteriako Emakumeen Etxea · “BUNA: Isiltasunaren osteko ahotsak” erakusketara bisita eta Etiopiako kafearen erritu tradizionala, musika eta dantza tradizionalek lagunduta.

🚶 13:00–14:30 · Bisita gidatua Errenterian, elkartzeko eta elkartrukerako gune gisa.

🍽️ 14:30etik aurrera · Txintxarri elkartea · Bazkaria, Etiopiako gastronomiaren dastaketa batekin. Prezioa: 20 €. Txartelak Arkaitzan eta Reynan.

🎬 18:00–19:30 · Niessen Zinema Aretoak · “La fuerza del silencio” dokumentalaren emanaldia eta solasaldia. Saioan Tigrayko egoeraren eta Egoaiziaren lanaren testuingurua azalduko da, BUNA dokumentalaren trailerra proiektatuko da eta, amaieran, Egoaiziaren, dokumentalaren ekoizpen-taldearen eta bertaratutakoen arteko solasaldia egingo da.

Emanaldirako sarrera doakoa izango da, baina aldez aurretik txartela eskuratu beharko da. Txartelak Errenteriako Emakumeen Etxean eskatu ahal izango dira edo egun berean Niessen Zinema Aretoetan jaso, agortu arte.

BUNA: Tigrayra kulturaren eta topaketaren bidez hurbiltzen

“BUNA: Isiltasunaren osteko ahotsak” argazki-erakusketak Ximena Borrazás eta Edgar Gutiérrez fotokazetarien eta Iñaki Luis argazkilariaren lana biltzen du. Haien irudiek Etiopiako iparraldeko Tigray eskualdean izandako gatazkaren giza ondorioetara hurbiltzen gaituzte.

Egoaiziak sustatutako erakusketa “BUNA — Kafearen erritua” jardunaldiaren abiapuntua izango da. Jardunaldiak Tigrayko errealitatera kulturaren, topaketaren eta parte-hartzearen bidez ere hurbiltzea proposatzen du.

Hilaren 17ko goiza erakusketara egindako bisitarekin hasiko da, eta ondoren Etiopiako kafearen erritu tradizionala egingo da, elkartzeko eta Etiopiako kulturako tradizio garrantzitsuenetako bat ezagutzeko. Etiopiako musika ere izango da, batez ere tigriñaz, baita emakume etiopiarrek eskainitako dantza tradizionala ere.

Ondoren, Errenterian zehar bisita gidatua egingo dugu, gure ingurunea ere partekatzeko eta kultura ezberdinen eta jardunaldian parte hartzen duten pertsonen arteko topagunea sortzeko.

14:30etik aurrera, Txintxarri elkartean elkartuko gara bazkaltzeko. Menuan entsalada eta oilaskoa izango dira, eta Etiopiako gastronomiako produktuen dastaketa edo aperitiboa ere izango da. Bazkalostean, jardunaldiak Etiopiako musikarekin eta emakume etiopiarrek eskainitako dantza tradizionalarekin jarraituko du.

Bazkariaren prezioa 20 eurokoa izango da eta txartelak aldez aurretik Arkaitzan eta Reynan erosi ahal izango dira.

“La fuerza del silencio”: zinema eta Tigrayri buruzko hausnarketa

Arratsaldean Niessen Zinema Aretoetara joango gara. 18:00etatik 19:30era, jardunaldiaren azken zatia zinemari eta hausnarketari eskainiko zaie.

Saioa Errenteriako Emakumeen Etxeko programazio-taldearen aurkezpenarekin hasiko da. Ondoren, Etiopiako krisi humanitarioaren testuingurua labur azalduko da. Egoaiziak Tigrayko tokiko erakundeekin batera egiten duen lana ere aurkeztuko du, eta BUNA dokumentalaren trailerra proiektatuko da.

Jarraian, Luz Norte Filmsek ekoitzitako eta Samuel Velak zuzendutako “La fuerza del silencio” dokumentala proiektatuko da. Letebirhanen testigantzaren bidez, Tigrayko gerratik bizirik atera den emakume gazte baten istorioa ezagutuko dugu. Filmak emakumeen aurka modu sistematikoan erabilitako sexu-indarkeriaren ondorioetara hurbiltzen gaitu, baina baita haien sendatze-, duintasun- eta berreraikuntza-prozesu pertsonal eta kolektiboetara ere.

Proiekzioaren ondoren, Egoaiziaren, dokumentalaren ekoizpen-taldearen eta bertaratutakoen arteko solasaldia egingo da. Bai aurretiko aurkezpena, bai ondorengo solasaldia dinamizatu egingo dira, parte-hartzea eta hausnarketa kolektiboa errazteko.

Sarrera doakoa izango da, baina aldez aurretik txartela eskuratu beharko da. Txartelak Errenteriako Emakumeen Etxean eskatu ahal izango dira edo egun berean Niessen Zinema Aretoetan jaso, agortu arte.

Ezagutzeko, partekatzeko eta hausnartzeko gunea

“BUNA — Kafearen erritua” dokumental baten proiekziotik harago joan nahi duen jardunaldia da. Erakusketa, kafearen erritua, musika, dantza, gastronomia, Errenterian zeharreko bisita eta zinema Tigrayko errealitatera eta kulturara hainbat ikuspegitatik hurbiltzeko moduak izango dira.

Gatazka armatuek emakumeengan eta haien komunitateetan dituzten ondorioei buruz hausnartzeko, Tigrayn garatzen jarraitzen duten laguntza-, erresistentzia- eta berreraikuntza-prozesuak ezagutzeko eta bizirik atera diren emakumeen esperientziak begirada errespetuzko eta testuinguruan kokatutako batetik entzun eta ulertzeko gunea izango da.

Jardunaldia Errenteriako Emakumeen Etxea, Egoaizia, Luz Norte Films, Ikuska eta TrintxerKulturalaren lankidetzarekin egingo da, eta Errenteriako Udalaren, eLankidetzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzaketa izango du.