Duela 25 urte, Eibarren, emakume gazte talde batek elkartasunaren hazia ereitea erabaki zuen. Mundu bidezkoago batekin amesten zuten, eta gertukotik eraldatzea posible zela sinesten zuten. Amets horretatik sortu zen Egoaizia. Ordutik hona, ikasi dugu elkartasuna ez dela kontzeptu abstraktu bat, baizik eta eguneroko praktika bat, konpromisoan, entzutean, laguntzan eta lan kolektiboan oinarritua.
Sari honek ez du une zehatz bat aitortzen, ezta pertsona bakar bat ere.
Bide partekatu bat aitortzen du.
Sari hau Egoaiziaren bidea 25 urte hauetan zehar erein eta ureztatu duten pertsona guztiena da: boluntarioak, lantalde teknikoa, bazkideak, erakunde aliatuak, gure lanean sinetsi duten instituzioak eta, batez ere, ateak zabaldu dizkiguten komunitateak, hemen eta Hego Globalean, errealitate zintzo eta desorekatu bat erakutsi digutenak.