Deustok BUNA erakusketa hartuko du

📍 Deustuko Unibertsitateko klaustroa (Bilbo)
📅 Martxoaren 23tik apirilaren 22ra
👉 Erakusketa publikoarentzat zabalik

BUNA: Isiltasun osteko ahotsak rgazki-erakusketa martxoaren 23tik apirilaren 22ra bisitatu ahal izango da Deustuko Unibertsitateko klaustroan, Bilbon.

Erakusketa Deustura iristea Egoaiziak unibertsitatearekin ekintza humanitarioaren eta Mekelleko (Tigray) Ikasketa Humanitarioen Zentroarekin lotutako prestakuntzaren arloan duen lankidetzaren baitan kokatzen da.

Erakusketa publikoarentzat zabalik dago, eta unibertsitateko komunitatea zein herritarrak gonbidatzen ditu askotan gure begiradatik urrun geratzen den errealitate batera hurbiltzera.

 

Kafe-zeremonia topagune gisa

Ximena Borrazás, Edgar Gutiérrez eta Iñaki Luisen argazkiek Tigrayko kafe-zeremonia tradizionala, BUNA izenez ezaguna, dokumentatzen dute.

Eskualdeko emakume askorentzat, eguneroko erritu hau topagune, entzute eta elkarren arteko babeserako espazio ere bihurtu da. Gerrak eta estrategia beliko gisa erabilitako indarkeria sexualak markatutako testuinguru batean, kafe-zeremonia esperientziak partekatzeko, loturak berreraikitzeko eta erresilientzia kolektiboa sortzeko gune bilakatzen da.

Irudiek une horien intimitatea eta indarra jasotzen dituzte, kultura-keinu sakonki errotu batek komunitate-laguntzarako tresna ere bihur daitekeela erakutsiz.

 

Lankidetza akademiko eta humanitarioa

Erakusketaren presentzia Deustuko Unibertsitatean unibertsitateak eta Egoaiziak Tigrayn elkarrekin garatzen duten lanarekin lotuta dago.

Lankidetza hau Mekelleko Ikasketa Humanitarioen Zentroa (CHS-T) bultzatzeko egitasmoaren parte da; ekimen horren helburua eskualdean ekintza humanitarioaren arloan prestakuntza, ikerketa eta ezagutza sortzea indartzea da.

Proiektua tokiko erakunde akademikoekin eta gizarte-erakundeekin batera garatzen da, krisi konplexuei erantzuteko tokiko gaitasunak sendotzeko eta testuingurura egokitutako ekintza humanitario sendoagoa sustatzeko.

Proiektu honi buruz gehiago jakin nahi baduzu, artikulu hauek irakur ditzakezu:

https://egoaizia.org/eu/mekelleko-ikasketa-humanitarioen-zentroa/
https://egoaizia.org/eu/chs-t-lankidetza-akademikoa-eta-humanitarioa-tigrayn/