TESTIMONIO DE MIREN MARTINEZ

Miren Martinez naiz. 2019ko irailetik azarora Piuran, Perun egonaldia egin nuen, Eibarko udaletxeak eskaintzen duen “Elkartasun beka”ren bitartez Egoaizia GKEak Cipca GKEarekin duen garapenerako proiektu batean. Proiektu hau Piuratik ibilgailuan hiru ordutara dauden herrialdeetan kokatzen zen: Canchaque, San Miguel del Faique eta Salitralen zehazki. Proiektuaren helburua bertako herritarrekin, erakundeekin eta autoritateekin bat eginez hezkuntzaren, ingurumenaren eta haurtzaroaren arloak bultzatzea eta babestea da. Proiektuan zuzenki lau kidek parte hartzen zuten: Mario, Mónica, Alberth, Ángel eta Elia. Horietako bakoitza proiektuaren arlo baten arduraduna zen. Nire betebeharra proiektuan horiei ekintzen antolaketan laguntzea zen eta autoritate desberdinekin zein herritarrekin zeuden koordinazio bileretan parte hartzea. Nire egonaldian antolatu ziren zenbait ekintza eta eginbeharrak hurrengoak dira: lehen haurtzaroan aritzen ziren hezitzaileen formakuntza, formakuntza hori hezkuntza alorreko gunekoekin koordinatu eta gonbidapenak banatu, osasun kanpainak herri desberdinetan, birziklapen programa eta ingurumenarekiko sentsibilizazioa, udaletxeekin koordinaketa, etab.

Esperientzia honek garapenerako proiektu bat gertutik ezagutzeko aukera eman dit, batez ere horrelako proiektuen konplexutasunak ezagutzeko aukera. Ekintza bat egiteko pertsonen arteko komunikazioa egon behar da eta lekuko egoerek zenbaitetan hau ez dute haltzen, mugikorrek estaldura ez dutelako edo hitz egin behar duzun pertsona ez duzulako aurkitzen. Beste zenbaitetan proiektuaren aurrekontuarekin ekintzak eta eginbeharrekoak bat egitearen zailtasuna azaltzen da, esaterako. Nire kideez lantaldean lan egitearen garrantzia ikasi dut, proiektuak aurrera egin zezan ezinbestekoa baitzen denon arteko komunikazioa eta koordinazioa. Bestalde, miresgarria deritzot ezbeharren aurrean duten jarrera positiboa eta oztopoei aurre egiteko dituzten nahiak.

Arazo sozialak ere ikusi nituen nire egonaldian zehar.  Atentzioa deitu zidaten hondakinak kudeatzeko zeuden zailtasunak eta horrek ingurumenean egin zezakeen inpaktua. Hondakinen kudeaketa sekulako arazoa da eta hori azken aldian hemen ere ikusi dugu. Bestalde, hezkuntza egokia eta edateko uraren eskuragarritasuna lortzeko ere arazoak zeuden: umeek parasitoak edukitzen dituzte zenbaitetan ur ez edangarria edateagatik, esaterako.

Zonaldeko kultura ezagutzeko aukera ederra ere izan zen; oso aberatsa iruditu zitzaidan. Etxeak adodez egiten dituzte, ehungailuz josten dute, gastronomia ere oso propioa da; nekazaritzatik (kakaoa, kafea, esaterako) bizi direnez lan fisiko handia egiten dute  eta guk gosaltzeko jaten dugunarekin alderatuta gosariak ikaragarri potenteak dira, baina zein goxoak diren! “Ceviche” ospetsua ere aipatzeko da, euren gustokoen platera esango nuke, gainera oso harro daude plater horretaz. Horrela euren kulturaz gustatu zitzaizkidan milaka gauza aipatu al ditut eta ez nuke sekula bukatuko. Beraz, “Corazón Serrano” musika taldea aipatzen amaituko dut, Piuratik Canchaquera hainbeste bidaietan ibilgailuan entzun genuen taldea eta zuzenean ikusteko plazerra izan nuena. 

“Llevadera es la labor cuando muchos comparten la fatiga.”

– Homero –